[index]


euskara batua (1994)
1 Korintoarrei 13


1 Nahiz eta gizakien eta aingeruen hizkuntzez hitz egin, maitasunik ez badut, brontze soinulari eta ezkila tintinlari besterik ez naiz.

2 Nahiz eta profezi dohaina izan, nahiz eta misterio guztiak eta munduko jakintza guztiak ezagutu, bai eta mendiak lekuz aldatzeko adinako sinesmena izan, maitasunik ez badut, ez naiz ezer.

3 Dudan guztia behartsuen artean banatu eta neure gorputza erretzeraino emanik ere, maitasunik ez badut, ez naiz ezer.

4 Maitasuna eraman onekoa eta bihozbera da; ez du bekaizkeriarik, ez handiusterik, ez harropuzkeriarik.

5 Ez da lotsagabea, ez berekoia, ez haserrekorra; kaltea ez du gogoan hartzen.

6 Ez da bidegabekeriaz pozten, baizik eta egian pozten da.

7 Maitasunak dena barkatzen du, dena sinesten, dena itxaroten, dena ongi eramaten.

8 Maitasuna ez da behin ere itzaltzen. Profezi dohaina desagertu egingo da, hizketa arrotzez mintzatzea amaituko, ezaguera ere amaituko.

9 Erdizkakoa baita orain gure ezaguera, erdizkakoa gure profezia;

10 eta, bete-betekoa iristean, desagertu egingo da erdizkakoa.

11 Haur nintzenean, haur bezala mintzo nintzen, haur bezala sentitzen nuen, haur bezala juzgatzen. Gizon egin naizenean, utzi egun ditut haur-gauzak.

12 Orain dena ilun ikusten dugu, ispiluan bezala; gero aurrez aurre ikusiko dugu; orain erdizka ezagutzen dut; gero oso-osoan ezagutuko dut dena, Jainkoak neu ezagutzen nauen bezala.

13 Hiru gauza ditugu oraindanik, iraunkor direnak: sinesmena, itxaropena eta maitasuna; baina hiruretan handiena maitasuna da.









[index]