[index]
basque
- euskara
Giza eskubideen aldarrikapen unibertsala
Hitzaurrea
Kontuan izanik munduko askatasuna, justizia eta bakea giza familiako kide guztien
berezko duintasunean eta eskubide berdin eta ukaezinetan oinarritzen direla;
Kontuan izanik giza eskubideak ez ezagutzearen eta gutxiestearen ondorioz,
giza kontzientziari irain egiten dioten basakeriak gertatu izan direla; eta
gizon-emakumeek, beldur eta gabezia orotik aske, hitz egiteko askatasuna eta
sinesmen-askatasuna izango dituzten munduaren etorrera aldarrikatu dela gizakiaren
helburu nagusi;
Kontuan izanik ezinbestekoa dela giza eskubideak zuzenbidezko erregimen batek
babestea, gizakia-tirania eta zapalkuntzaren aurkako azken irtenbidea den matxinadara
jo beharrean aurkitu ez dadin;
Kontuan izanik ezinbestekoa dela, baita ere, herrialdeen artean harreman lagunkoiak
bultzatzea;
Kontuan izanik Nazio Batuetako kide diren herriek gizakiaren oinarrizko eskubideetan,
gizakiaren duintasun eta balioan eta gizonen eta emakumeen eskubideen arteko
berdintasunean duten fedea tinko azaldu dutela Agirian; eta, askatasunaren ikuspegi
zabalago baten barruan, gizarte aurrerakuntza sustatzeko eta bizitza-maila jasotzeko
erabakita daudela adierazi dutela;
Kontuan izanik Estatu Kideek, Nazio Batuen Erakundearekin elkarlanean, gizakiaren
oinarrizko eskubide eta askatasunen begirune orokorra eta eraginkorra ziurtatzeko
hitza eman dutela;
Kontuan izanik emandako hitz hori osotasunean betetzeko garrantzi handikoa
dela eskubide eta askatasun horiek berdin ulertzea;
BATZAR NAGUSIAK
GIZA ESKUBIDEEN ALDARRIKAPEN
UNIBERTSAL HAU EGITEN DU
Herri eta nazio guztiek izan beharreko jomuga legez, bai norbanakoek eta bai
erakundeek. Aldarrikapen honetan etengabe oinarrituta, alde batetik, eskubide
eta askatasun hauen begirunea bultza dezaten irakaskuntzaren eta hezkuntzaren
bidez eta, bestetik, nazio mailan eta nazioarte mailan arian-arian neurriak
hartuz, era eraginkorrean eta orokorrean ezar daitezen ziurtatzeko, bai elkarkide
diren estatuetako herrien artean eta baita horien eskumenpean dauden lurraldeetan
ere.
1. atala
Gizon-emakume guztiak aske jaiotzen dira, duintasun eta
eskubide berberak dituztela; eta ezaguera eta kontzientzia dutenez gero, elkarren
artean senide legez jokatu beharra dute.
2. atala
Gizaki orori dagozkio Aldarrikapen honetan adierazitako eskubide eta askatasunak,
eta ez da inor bereziko arraza, larru-kolorea, sexua, hizkuntza, erlijioa, politikako
edo bestelako iritzia, sorterria edo gizarteko jatorria, ekonomi maila, jaiotza
edo beste inolako gorabeheragatik.
Ez zaio begiratuko gainera, pertsona zein herrialde edo lurraldetakoa den;
ezta hango politikari, legeei edo nazioarteko egoerari, nahiz eta herri hori
burujabea izan, besteren zainpeko lurraldea, autonomiarik gabea edo nola-halako
burujabetasun-mugak dituena.
3. atala
Norbanako guztiek dute bizitzeko, aske izateko eta segurtasunerako eskubidea.
4. atala
Inor ez da izango besteren esklabu edo uztarpeko; debekatuta dago esklabutza
eta esklabuen salerosketa oro.
5. atala
Ezin daiteke inor torturatu, ezta inori zigor edo tratu txar, anker eta lotsarazlerik
eman ere.
6. atala
Edozein gizon-emakumek du, nonahi, lege-nortasundun dela aitor diezaioten eskubidea.
7. atala
Gizon-emakume guztiak berdinak dira legearen aurrean eta denek dute, bereizkeriarik
gabe, legezko babesa izateko eskubidea. Denek dute Aldarrikapen hau hausten
duen edozein bereizkeriaren aurka eta bereizkeria horren eragileen aurka babes
berbera izateko eskubidea.
8. atala
Pertsona orok du Konstituzioak edo legeek gizon-emakumeei aitortzen dizkieten
oinarrizko eskubideak hausten dituzten ekintzetatik babesteko, norbere herrialdeko
auzitegi aginpidedunetan errekurtso eraginkorra jartzeko eskubidea.
9. atala
Inor ezingo da arrazoirik gabe atxilotu, preso hartu edo erbesteratu.
10. atala
Pertsona orok eskubidea du, berdintasun osoan, auzitegi burujabe eta alderdikeriarik
gabean jendaurrean hitz egin eta zuzentasunez entzun diezaioten, nahiz bere
eskubide eta betebeharrak erabakitzeko, nahiz bere aurkako salaketa penalak
aztertzeko.
11. atala
Delituagatik salatutakoak eskubidea du errugabetzat jo dezaten, errudun dela
legez eta jendaurreko epaiketan frogatzen ez den bitartean. Epaiketan bere burua
zaintzeko berme guztiak ziurtatuko zaizkio.
Egintzak edo behar-uzteak izandakoan, herrialdeko edo nazioarteko legeriaren
arabera delitu ez baziren, ezingo da inor kondenatu. Delitua egitean ezargarri
den zigorra baino larriagorik ere ezingo zaio jarri.
12. atala
Ez dago arrazoirik gabe beste inoren bizitza pribatuan, familian, etxean edo
postan eskusartzerik, ezta inoren ohore edo izen onari eraso egiterik ere. Nornahik
du eskusartze edo eraso horien aurka legezko babesa izateko eskubidea.
13. atala
Pertsona orok du joan eta etorri aske ibiltzeko eskubidea eta Estatu baten lurraldean
bizilekua aukeratzekoa.
Pertsona orok du edozein herrialdetatik alde egiteko eskubidea, baita norberetik
ere, eta norbere herrialdera itzultzekoa.
14. atala
Jazarpenik jasanez gero, pertsona orok du edozein herrialdetan babesa bilatu
eta izateko eskubidea.
Eskubide horretara ezin izango da jo delitu arruntek sortutako auzibideko egintza
baten aurka, ezta Nazio Batuen helburu eta erizpideen aurkako egintzak direla-eta
ere.
15. atala
Pertsona orok du herritartasuna izateko eskubidea.
Inori ezingo zaio arrazoirik gabe herritartasuna kendu, ezta herritartasuna
aldatzeko eskubidea ukatu ere.
16. atala
Gizonek eta emakumeek, ezkontadinetik aurrera, ezkontzeko eta familia aratzeko
eskubidea dute, arraza, herritartasun edo erlijioagatiko inolako mugarik gabe;
eta, ezkontzari dagokionez, eskubide berberak dituzte bai ezkonduta jarraituz
gero eta bai ezkontza-lotura ezabatuz gero ere.
Ezkongaien baimen aske eta osoz ez bada, ez dago ezkontzerik.
Familia da gizartearen oinarri jatorra eta berezkoa, eta Estatuaren eta gizartearen
babesa izateko eskubidea du.
17.atala
Pertsona orok du jabe izateko eskubidea, bakarka nahiz taldean.
Arrazoirik gabe, ez zaio inori bere jabegoa kenduko.
18. atala
Pertsona orok pentsamendu-kontzientzi eta erlijio-askatasunerako eskubidea du;
eskubide horren barne da erlijio edo sinesmena aldatzeko askatasuna eta baita
norbere erlijioa edo sinesmena bakarka nahiz taldean, jendaurrean edo pribatuan
irakaskuntzaz, ihardueraz, kultuz eta aginduak gordez azaltzeko askatasuna ere.
19. atala
Gizabanako guztiek dute eritzi-eta adierazpen-askatasuna. Eskubide horrek barne
hartzen du erlijioa eta sinismena aldatzeko askatasuna eta bakoitzaren eritziengatik
inork ez gogaitzeko eskubidea, ikerketak egitekoa eta informazioa eta eritziak
mugarik gabe eta nolanahiko adierazpidez jaso eta zabaltzekoa.
20. atala
Nornahik du bakean biltzeko eta elkartzeko eskubidea.
Inor ezingo da behartu elkarte bateko kide izatera.
21. atala
Pertsona orok du bere herrialdeko gobernuan parte hartzeko eskubidea, zuzenean
nahiz libre aukeratutako ordezkarien bitartez.
Pertsona orok du berdintasunez norbere herrialdeko funtzio publikoan sartzeko
eskubidea.
Herriaren borondatea da botere publikoaren agintearen oinarria; borondate hori
aldian-aldian egingo diren benetako hauteskundeetan adieraziko da. Hauteskundeok
bozketa orokor eta berdinez eta isilpeko boto bidez egingo dira, edo boto askatasuna
bermatzen duen beste bide batez.
22. atala
Pertsona orok du, gizarteko kide denez gero, gizarte-segurantza izateko eskubidea
eta, herrialdearen ahaleginaz eta nazioarteko laguntzaz, Estatu bakoitzaren
antolaketa eta baliabideak kontuan izanik, norbanakoaren duintasunerako eta
nortasuna garatzeko ezinbestekoak diren ekonomi, gizarte eta kultura mailako
eskubideak asetuta izatekoa.
23. atala
Pertsona orok du lan egiteko eskubidea, lana aukeratzekoa, lanbaldintza bidezkoak
eta egokiak izatekoa, eta langabeziaren aurkako laguntza jasotzekoa.
Pertsona orok du, bereizkeriarik gabe, lan beragatik lansari berbera jasotzeko
eskubidea.
Lanean ari denak bidezko lan-saria eta aski zaiona jasotzeko eskubidea du, bai
bera eta bai bere familia, giza duintasunari dagokion bezala bizitzeko bestekoa.
Horretarako aski ez bada lansaria, gizarteko laguntzaren bidez osatuko da.
Pertsona orok du, norbere interesen alde egiteko, sindikatuak eratu eta sindikatuko
kide izateko eskubidea.
24. atala
Pertsona orori dagozkio atsedenerako eskubidea, aisiarakoa, lanaldiaren iraupen
mugatua izatekoa eta aldian-aldian ordaindutako oporrak izatekoa.
25. atala
Pertsona orok du bizimodu egokia izateko eskubidea, bai berari eta bai bere
familiari osasuna eta ongi izatea bermatuko diena, eta batez ere janaria, jantziak,
bizitokia, medikusorospena eta gizarte-zerbitzuak; eta baita lanik eza, gaixotasuna,
elbarritasuna, alarguntasuna, zahartzaroa edo bizibidea nahi gabe galtzeko beste
kasuren bat gertatzen denerako asegurua izateko eskubidea ere.
Amek eta haurrek laguntza bereziak jasotzeko eskubidea dute. Haur guztiek, senar-emazteengandik
nahiz ezkontzatik kanpo jaiotakoek, gizartearen babes berbera izateko eskubidea
dute.
26. atala
Pertsona orok du hezkuntza-eskubidea. Hezkuntza dohainekoa izango da oinarrizko
ikasketei dagokienez behintzat. Oinarrizko ikasketak egitea derrigorrezkoa izango
da; heziketa teknikoa eta lanbiderakoa, orokorra; eta denek izango dute goimailako
ikasketak egiteko aukera bera, norberaren merezimenduen arabera.
Hezkuntzaren helburua giza nortasuna guztiz garatzea izango da eta giza eskubideen
eta oinarrizko askatasunen errespetua indartzea; herrialde, arraza eta erlijio
guztien arteko elkar-ulertze, jasankortasun eta adiskidetasunaren alde egingo
du; eta Nazio Batuen iharduna bultzatuko du, bakeak iraun dezan.
Gurasoek lehentasunezko eskubidea izango dute seme-alabei emango zaien hezkuntza
mota aukeratzeko.
27. atala
Pertsona orok du eskubidea elkarteko kultur ekitaldietan aske parte hartzeko,
artelanez gozatzeko, eta zientzi aurrerakuntzan eta horri darizkion irabazietan
parte hartzeko.
Zientzia, literatura edo arte mailan egindako lanen egille diren pertsona guztiek
dute horregatik eskubidea dagozkien interesak eta materialak babes dakizkien
eskubidea.
28. atala
Pertsona guztiei dagokien eskubidea da, Aldarrikapen honetan azaldutako eskubide
eta askatasunak era eraginkorrean garatuko dituen gizarte mailako eta nazioarteko
ordena ezar dadin.
29. atala
Pertsona orok komunitatearekiko betebeharrak ere baditu, komunitatea baita bere
nortasuna guztiz eta era askean garatzeko toki bakarra.
Pertsona orok, gainontzeko herritarren eskubide eta askatasunen begirunea ziurtatzeko
eta gizarte demokratiko bateko moral, ordena publiko eta ongizate orokorreko
bidezko eskakizunak betetzeko legez ezar daitezen mugak baino ez ditu izango
dagozkion eskubide eta askatasunez baliatzeko orduan.
Eskubide eta askatasun hauetaz ezingo da inor baliatu Nazio Batuen helburu eta
erizpideen aurka.
30. atala
Aldarrikapen honetan jasotako ezertan ezingo da ulertu Estatuari edo talde edo
norbanakoren bati Aldarrikapen honetan bertan adierazitako edozein eskubide
eta askatasun deuseztatzeko ekintzak edo ihardunak burutzeko eskubidea ematen
zaionik.
[index]